Hemen zaude: Hasi > Uliazpi > Zentroak > Zubieta Zentroa - Hondarribia
Zubieta Zentroa 1984ko urrian inauguratu genuen. Hondarribiatik 3 Km-tara dago. Eguneko Zentroak 87 lagunentzako lekua du eta 6 etxebizitza independente, 72 lagunentzat prestatuta. Bestalde Zubieta Zentroak atseden-zerbitzua ere eskaintzen du, senitartekoei eta artatutako pertsonei beren eginbeharretan laguntzeko.
Zubieta Zentroan ondorengo hauek osatzen dute gure langile-taldea: etxebizitza-zaintzaileak, eguneko zentroko zaintzaileak, hidroterapiako zaintzaileak, sukaldeko langileak, fisioterapeuta, erizaina, medikua, tailerreko arduraduna, unitateko arduradunak (psikologoak, psikopedagogoak), gobernariak eta zentroko arduraduna; horiez gainera, badira beste langile batzuk hainbat eratako zerbitzuak egiten dituztenak; esaterako, musika-terapia, zentzumenen estimulazioa, garraioa, arropa-garbitzea, lorezaintza, harrera eta mantentze-lanak; langile horiek guztiak elkarlanean aritzen dira erabiltzaileen eta beren senitartekoen premia eta eskakizunei behar bezala erantzuteko.
Eguneroko jarduera eta komunitatekoa gauzatu ahal izateko, Zubieta Zentroak hiru ibilgailu ditu; horietako bi egokituak dira eta 9 plaza dituzte, eta beste bat, berriz, zazpi plazako monobolumena da; ibilgailu horiek erabiltzaileen mugikortasuna eta garraioa ahalbidetu eta errazten dutelarik.
Zentro honetako zerbitzuei buruzko Informazio gehiago.
Eguneko Zentroa irailetik uztailera bitartean 10:00etatik 17:00etara eguneko arreta emateko antolatua dago (Gabonetan, Aste Santuan eta abuztuan opor garaia da). Pertsona bakoitzaren plangintza berezia egiten da, artatutako pertsonaren premiak eta lehentasunak kontuan hartuta. Era guztietako jarduerak antolatzen dira zentroan, eta horretarako ingurune hurbileko baliabide komunitarioak ahalik eta gehiena aprobetxatzen ditugu. Bere egitura fisikoari dagokionez, zentroak eraikin bat du eta bertan hainbat eginkizunetarako gelak daude: estimulazio- eta musika-terapia-gela, komunikazio-gela, tailerrak, motrizitate-gela, ikus-entzunezkoen gela. Aldameneko eraikinean, berriz, fisioterapia- eta hidroterapia-gunea, igerilekua, jantokia eta komun egokituak daude.
6 etxebizitzak 6 etxe bereizietan kokaturik daude; handiak eta argitsuak dira eta dekorazio pertsonalizatua, modernoa eta funtzionala dute. Horietako bakoitzean 12 lagun bizi dira, eta bi zaintzailek artatzen dituzte. Etxe bakoitzak bi egongela handi ditu, sei logela, batzuk banakakoak eta beste batzuk partekatuak, office-sukalde bat, bainugela egokituak, kristalaz inguratutako terraza eta lorategira handira zuzenean ateratzeko aukera. Etxe guztiak solairu bakarrekoak dira, eta barruti osoan ez dago inolako oztopo arkitektonikorik. Zerbitzuaren plangintza egitean batez ere pertsonen premiak eta lehentasunak hartzen ditugu kontuan eta erabiltzaile bakoitzak bere Bizitza Plana du. Etxebizitza-zerbitzuak erabateko arreta ematen du eta, Zubieta Zentroa Gabonetan aste bat itxita egon arren, behar izanez gero Uliazpik dituen beste egoitza-eremu batzuetan sartzeko aukera bermatzen zaie erabiltzaileei. Era horretan, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan zerbitzua bermatzen dugu, zerbitzu horren erabiltzaileen eta beren senitartekoen bizi-kalitatea sustatuz.
Zubieta Zentroak atseden-zerbitzua ere badu eta zerbitzu horren bitartez, hain zuzen ere, laguntza eman nahi zaie hainbat arrazoirengatik beren senitartekoa zaindu ezin dezaketen familiei edo etengabeko zaintza-jardueratik atseden hartzeko beharra dutenei. Laguntza horri esker etxebizitzan aldi baterako egonaldiak egiten dituzte; familiek dituzten premien arabera egonaldiak laburragoak edo luzeagoak izan daitezke: asteburua, astebete, hamabostaldia eta abar. Era berean, abuztuan opor-zerbitzu berezi bat erabiltzeko aukera ere badago.
Zubieta Zentroak atsedenerako bi plaza ditu, baina Uliazpin baditugu beste plaza batzuk, behar izanez gero, familien eskaerei erantzun ahal izateko.
Zerbitzu honetan artatutako pertsonek, beren premia eta lehentasunen arabera, etxebizitza-zerbitzuan eta eguneko arreta-zerbitzuan antolatutako jardueretan eta dinamikan parte hartu ahal izango dute.
[ Eguneko arreta ]
[ Eguneko arreta ]
[ Eguneko arreta ]
[ Eguneko arreta ]
[ Eguneko arreta ]