Gipuzkoako Foru Aldundiko logoa

Hzkuntzak

Letra tamaina

Lege Oharra

Hemen zaude: Hasi > Uliazpi > Zerbitzuak > Etxebizitza > Txarli de Miguelen a...

Zerbitzuak


2013/03/27

Txarli de Miguelen anai-arreben eskutitza

Carlosen anai-arrebek adierazi nahi dugu pribilegio bat eta ohore handia izan zela berarekin haztea eta bizitzea: dirudienaren guztiz beste aldera, berak zaindu izan gaitu beti eta badakigu aurrerantzean ere horrela egingo duela.

Larunbat honetan Donostiako etxetxora etorri zen asteburua gurekin igarotzera. Betiko orduan, kalera irten ginen pintxo bat hartzera eta Txarlik Donosti tabernara eraman gintuen: zuzenean joan zen gogoko zuen txokora eta mahaian eseri zen bikote batekin. Lekuz aldatu nahi izan genuen, baina “bere lekura” itzultzen zen berriro, eta bikote hori, munduko gauzarik naturalena bezala, aldameneko mahaira joan zen, Txarliri bere leku guztia utzi ahal izateko.

Eta hori, ezer berezirik ez bada ere, gure inguruan egunero gertatzen dena delako, Atzegi gure elkarteari eskaini nahi diogun zerbait da, urte asko baitaramatza Gipuzkoako bazter guztietan lanean gure senitartekoen bizitza horrelakoa izan dadin eta gure gizarte honek jarrera positiboa izan dezan adimen urritasuna duten pertsonekiko (“atzegizale izatea” deitzen duguna hain zuzen ere. Bazkide eta laguntzaile guztiei eskertu nahi diegu, proiektu honetan lan egiten dutenei, eta nola ez!, boluntarioei, horien laguntzarik gabe hau ezinezkoa litzatekeelako, atzegizale diren 9.000 gipuzkoar baino gehiagori eta gainerako 700 milari, hala direla oraindik ez dakiten arren.

Txarli Uliazpi Fundazioaren zentro batean bizi zen Hondarribian: Zubieta zen ikastetxeko bere etxetxoa. Orain dela 30 urte inguru iritsi zen hara, Donostiako Kareagatik eta Zizurkilgo Fraisorotik igaro ondoren. Ez dago behar hainbat hitz zentro horietako amatxoei eta aitatxoei urte horietan guztietan eguneroko jardunean eskaini dioten maitasuna eta arreta  eskertzeko, etenik gabea izan den eguneroko lan hori eskertzeko, Txarlik autonomia pertsonal gehiago izan zezan, ingurukoekin harreman hobea, nahi zuena eta nahi ez zuena adierazten ikas zezan...

Guztiz ezinezkoa izango litzateke gure anaia hain zoriontsu izateko lagundu duzuen guztien izenak aipatzea, izan ere Txarliren amatxo eta aitatxo guztien ondoan medikuntza taldekoak zaudete, zuzendaritza eta administrazioko jendea, sukaldekoa, garbiketakoa... denak! profesionalki bikaina den lan bati giza berotasuna ematen diozuen guztiok. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko, eskerrak eta esker mila.

Eta eskerrik asko baita ere bizilagunei eta lagunei, izan duzuen pazientziagatik eta aisialdiko tarte on horiengatik... zuen elkarteetan egindako bazkari eta afariengatik: jakin ezazue Txarlik gero eta gogokoagoa zuela giro hori, eta azkenaldi honetan kalera irteteko gogoa agertzen zuela afaldu ondoren. Guztien artean harreman gehiago izaten lagundu diozue, eta orokorrean, munduarekin gustuago egoten.

Honen bidez bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu 112ko larrialdietako kontroleko pertsonalari eta Txarlirekin azken momentuetan egon zirenei, azkartasunagatik, eraginkortasunagatik, eta batez ere, erakutsi zuten gizatasunagatik. Profesional horiek eta guztioi eskaintzen diguten zerbitzuak ez dute inolako murrizketarik merezi.

Atzo bertan, zuetako batzuekin hitz egiterakoan esan genuen, Txarliri diagnostikoa egin eta handik gutxira, nola Kany Peñalbak esan zien aitari eta amari Txarlirekin oraina bizi beharko genuela, hobekuntzak ez zirela irabazitako eremuak izaten, zituzten aukera guztiak gozatu egin behar zituztela... eta hori izan da Txarlik erakutsi diguna eta berarengandik ikasiko duguna gogoratzen dugun bakoitzean: gaurkoa eta oraina bizi behar ditugula, bizitza honetan ez dugula konplikaziorik behar, asko gozatzen dela eguneroko gauzekin, ez dela batere zaila zoriontsu izatea...

Zeruan musikarik baldin badago, Txarlirentzat Chiquitita jarriko dute, eta ez dakit noizbehinka zukuren bat aterako dioten edo zatiren bat emango dioten txokolatea eskatzen duenean, baina aingeruek beren hegoak esekigailuetan jartzen badituzte, armairuak itxi ditzatela, Txarli gorantz doa eta.

Lege Oharra

Gipuzkoako Atariaren logoa, gipuzkoa.eus