Aurten, Donostia Zentroan, inauteriez ederki gozatzeko, era askotako ekitaldiak antolatu ditugu. Ostegun gizena hasteko, Donostiako "San Luis de la Salle" ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilen emanaldia izan genuen. Hilabete batzuk lehenago, Uliazpiko hainbat lagun hurbildu zitzaizkien hitzaldi bat ematera, eta, oraingoan, ikasleek eurek nahi izan digute bisita itzuli, eta goiza hainbat dantzarekin alaitu ziguten. Eskerrik asko hemendik guztioi eta, ea datorren urtean berriro elkar ikusten dugun.
Astelehenean irteera bat antolatu genuen Tolosako inauteriak bisitatzeko eta eguna bertan igarotzeko. Uliazpiko bederatzi erabiltzailek hartu zuten parte. Han giroaz gozatu zuten, karrozen desfilea ikusi zuten, etab.
Egun berean, arratsaldean, "Bóveda Gazte Elkarte"ko dantzari talde bat etorri zen eta euren mozorro ikusgarriekin eta dantza politekin primeran pasatu genuen.
Eskerrik asko konpartsari, beren denboraren tartetxo bat guri oparitzeagatik.
Eta, azkenik, asteartea, inauteri jaiaz zentroan gozatzeko egun handia izan zen. Goizean, musika eta dantzaz gain, pintxo on-onak dastatu ahal izan genituen. Arratsaldean festarekin jarraitu genuen eta txokolatea txurroekin jan genuen. Une guzti horietako argazki aukeraketa bat uzten dizuegu.