Gipuzkoako Foru Aldundiko logoa

Hzkuntzak

Letra tamaina

Lege Oharra

Berriak Hasi > Aktualitatea > Albisteak > Barbara Rolleri elkarrizketa

Berriak

Barbara Rolleri elkarrizketa

2017/03/31

Estimulazio Basalean aditua den Barbara Rollerri egindako elkarrizketa

Joan den astean, Estimulazio Basalean aditu Barbara Roller izan genuen Uliazpin, eta elkarrekin lanean aritu ginen.  Hemen egon zen bitartean, Roller andreak Estimulazio Basalari buruzko sakontze-ikastaro bat eskaini zien Uliazpiko langileei, gai honi buruzko sarrera-hitzaldi bat egin zien erakundeko 30 laguni baino gehiagori eta Uliazpiko familia talde batekin hizketan aritu zen Estimulazio Basalari buruz eta Uliazpin arreta jasotzen duten beren senitartekoengan izan dezakeen eraginari buruz.

Haren presentzia aprobetxatuz, elkarrizketa bat egiteko aukera baliatu nahi izan dugu eta, horri begira, Zizurkilgo Fraisoro Zentroko fisioterapeuta Asier Arrizabalagaren laguntza  izan dugu.

1. Zer da Estimulazio Basala?

Kontzeptu bat da eta komunikazioa, elkarrekintza eta garapena indartzeko modu bat izango litzateke, gizakiak dituen oinarrizko premietara zuzendurik. Abiapuntu gisa honako ideia hau hartzen du, hots: jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, pertsona batek dauzkan mugak larriak izan arren, pertsona horrek garapen-prozesu berriak eduki ditzake eta, gainera, zentzu handia dute. Eskaintza basalak egitea da bere helburua, aldez aurreko baldintzarik eskatu gabe. Hasteko, zentzumen desberdinetatik datorkigun informazioa gure garunean jasotzeko moduarekin zerikusia duen zerbait dela iradokitzen digu “ESTIMULAZIO” hitzak. Informazio baten biltegiraketa jasotzeak ez du zentzurik horrekin batera hari buruzko pertzepzio bat jasotzen ez badugu.

Nahiko nuke argi geratzea ez dela terapia bat, ez dagoelako ezer sendatu beharrekorik, ez da tratamendu-metodo bat, zaindu beharreko “arazoaren” arabera teknika desberdinak erabiliko dituena, eta jakina, ez da estimulazio multisentsorialerako metodo bat, estimulazio basala harantzago doalako, eta eskaintza esanguratsuak proposatzen dituelako, gorputz-hurbiltasunean, entzuketan eta, jakina, bestearekiko hartu-emanean oinarritutako elkarrizketa baten bitartez. Planteamendu horren arabera, estimulazio sentsorialeko aretoak ez dira ezinbestekoak ESTIMULAZIO BASALEAN.

2. Noiz sortu zen kontzeptu hori?

Kontzeptu hori 70eko hamarkadan sortu zen, Alemanian, Andreas Frohlich pedagogoaren eskutik. Desgaitasuna duten haurrak eskolaratu ahal izateko prozedura berriak eta ideia berriak behar zirela ikusita sortu zen.

3. Nori zuzendua dago?

Bizitzako garai desberdinetan gorputz eta adimen alorreko funtzioen ahalmen desberdinetan desgaitasunak dituzten pertsonei zuzendua dago. Desgaitasunaren definizio positiboa bilatzen du kontzeptu honek, norbanakoen gaitasunak indartuko dituena: “gizaki bakoitzak gaitasun batzuk ditu, bestela ez litzateke existitu ere egingo”.

4. Zein alderdi jorratzen ditu nagusiki Estimulazio Basalak?

Kontuan hartzen dira jarrera-alderdiak (errespetua, kontzientzia, entzuketa, enpatia-gaitasuna, laguntzeko jarrera), alderdi metodologikoak (koordinazioa, laguntzaren antolaketa, proposatzen dugun jardueraren erdigunean pertsona kokatzea, printzipio modulatzaileak kontuan izatea, hala nola erritmoa, arnasketa, oreka, latentzia, isiltasunetik soinuetara igarotzea eta estatikotik dinamikora igarotzea, une bakoitza eta ingurune naturala aprobetxatzea laguntzarako), eta alderdi kontzeptualak (pertzepzioa-komunikazio-mugimendua sistema somatikoaren, bibratzailearen eta bestibularraren bitartez).

Kontzeptu Basala pertsona bakoitzaren eguneroko bizitzako jarduera nagusi guztietan aplikatzen da (garbiketa, janztea, otorduak, mugimendua eta abar), eta eguneko une bakoitza harreman bat sortzeko aukera gisa baliatzen da elkarrekintza batek sortzen duen komunikazio, pertzepzio eta mugimenduaren bitartez; izan ere, elkarrekintza oso aberasgarria da laguntzen ditugun pertsonentzat, haien bizi-kalitatea hobetzen baitu.

5. Zer ekarpen egin ditu Estimulazio Basalak?

Kontzeptu Basalak desgaitasunaren ikuspegi positibo bat proposatzen du, eta horren arabera, denok ditugun gaitasunak indartzea da garrantzitsuena, dauzkagun mugei horrenbeste erreparatu gabe, eta horrexegatik, Psikologia Positiboaren mugimenduaren barruan koka genezake.

Bizi-premiei nola erantzun diezaiekegun proposatzea da bere helburua, zenbait balorazio-tresna erabiliz, Estimulazio Basalean norberaren gai esentzialak deiturikoak zein diren erabaki ahal izateko: norberaren gorputza bizitzea, beste pertsona batzuekin esperientziak edukitzea, ingurune fisikoa hautematea, emozioak sentitzea eta interpretatzen jakitea, ulertzen laguntzea, komunikatzea, beharrezko moldaketak proposatzea, parametro batzuk kontuan izatea, hala nola erritmoa-abiadura-estimuluen kopurua.

Egoera bakoitzaren arabera, Estimulazio Basalak helburu batzuk ditu: laguntza errazteko jarrera profesional egokia sustatzea, transmititu nahi dugun komunikazio-edukiaren argitasuna, komunikazio modu egoki bat kontuan izatea eta laguntza fisiko egokia proposatzea.

6. Estimulazio Basalaren bidez laguntzen ditugun pertsonengan zer emaitza ikus ditzakegu?

Laguntzen ditugun pertsonen bizi-premietara egokitzen den zainketa-plan indibidualizatu berezi bat proposatzen laguntzen du Estimulazio Basalak, pertsona horiek bizitzako zein garaitan aurkitzen diren kontuan izanik. Eguneroko bizitzako jardueretan nola lagundu daitekeen Estimulazio Basalaren bitartez planifikatu eta abian jar dezakegu, Pertsona Ardatz duen Planaren barruan. Eguneroko bizitzako jarduerak bizi-kalitatea hobetzeko unerik egokienak dira, ongizate emozionala eta fisikoa hobetzen laguntzen baitute.

Dokumentuak deskargatzea:

Irudi-galeria

Argazki 1

Lege Oharra

Gipuzkoako Atariaren logoa, gipuzkoa.eus